XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mirentxuk eta Nekanek eskuak erantsi zizkioten sokaren alderdi bati, aitak besteari...

- Egon lasai nik esango dizuedan arteraiño - mar-mar egin zuan aitak -....

- Oraintxe... eeeup... tira bildur gabe... lau segundoren buruan, behi-amak egin zuan indarrez eta gizakiek eman zien laguntzaz txekor txikia agerian zen.

Jaio zen, eta ondo jaio ere.

Pozezko irriparren erraiñua zearion guztien aurpegitik.

Aitak, sendagillerik iaioena balitz bezala, ezkerreko saiets-aldean bi tanpatako xamur eman zizkion jaio berriari, eta bi eskuaz aho txikia irekiaz, arnasa bota zion eztarri zuloraiño.

Bi besoetatik hartu eta amaren muturrera eraman zuen zekorra.

Marru luze batez lehendabiziko agurra egin zion amak bere umeari.

Eta bere mingain luze eta latzez, gorputz txikia milizkatzen hasi zitzaion, jaio-bideak erantsi zizkion axal bigunak garbituaz.

Gorri-pinto dotorea zen jaio-berria.

Guztia bazitzaien ere harrigarri, harri ta zur egiñak hutzi zituana Edurne eta Itziar zera izan zen: Jaio zanetik bost minutu ez ziren igaroko, eta txekor txikia bere lau oin biguñen gaiñean zutik jarri zen.

Hitzik ez zuten neskatoak ikusi zutena esateko.

Gauza bat eta bestea korapillo egiñik zerabilzkiten beren buruetan.

Bizitzaren ertzetik jasotako jakinduriaz buruak aberasten zijoazen neska gazte haiek beren sendikideen babesean.

Jaiotzearen misterio zoragarria begiz ikusi zuten ondoren, esne-zopa gozozko gosaria egitera bildu ziren guztiak sukaldera.

Osaba jatorrak izan zuen lanik asko, ordurako nahikoa lasaitu ziran bi illobatxoen galdera zorrotzei erantzuten.

Erdia euskeraz, erdia erderaz, nolabait ere agertu zien zekianaren berri.

Pozez zeuden Edurne eta Itziar.

Egun hartako eginkizuna, basoak eta mendiak ikustea zuten.

Beti bezala Mirentxurekin irten ziren.